AITZINDARIAK
Aitzindariak aretoa xx. mendearen erdialdean hasten da. Ibilgailu utopikoek bidea zabalik zuten ordurako, eta artistek zein diseinatzaileek abiadurarekin eta mugimenduarekin lotutako forma zeharo berriak aztertzeari ekin zioten. Askok autogintzaren etorkizunerako aukerak aurreikusi zituzten, baita beren garaiari zenbait hamarkadaz aurrea hartu ere. Automobilek, gero eta azkarrago joateko nahiak akuilatuta, motorren teknologiak eta forma aerodinamikoek zeuzkaten mugak gainditu zituzten turbinen teknologia berrien, erreakzio-motorren, energia nuklearraren eta automatizazioaren bultzadari esker.
Atal honek gorazarre egiten die aitzindari izandako hainbat ibilgailuri eta haien diseinatzaileei, eta goraipatu egiten ditu forma arinen edertasuna eta aerodinamikaren arloan erdietsitako lorpenak. Automobilak obra futuristen ondoan daude ikusgai, higidurak eta abiadurak zeharo liluratuta baitzeuzkaten mugimendu hartako kideak. Nabarmentzekoa da Umberto Boccioniren Espazioko jarraitutasunaren forma berdingabeak (1913), haren brontzezko jantziari darion mugimenduari erreparatuta ematen baitu irudia haize-tunel batean dagoela. Begi kolpe batean, badago antzekotasunik Giacomo Ballaren pintura futuristen eta prototipo bakar gisa egindako autoen artean; horren adibide dira aretoan dauden General Motors etxeko 1950eko hamarkadako hiru modeloak (batera ikusgai dauden lehen aldia da hau). Gidaririk gabeko autoen irudiak ere agertu ziren urte haietan, eta orduan zientzia-fikziozko irudipenak baziruditen ere, gaur egun egia izatetik oso hurbil dago kontzeptu hori. Automobil-diseinuaren ikuspegi utopikoa islatzen duen arte- eta arkitektura-maisulan moderno bat egotekotan, hori General Motorsen Zentro Teknologikoa da, Eero Saarinenek diseinatua, “Versailles industriala” gisa deskribatua izan dena.