206. Bidaiak eta ihesbidea
Alemanierazko Malfluchten hitzak —artistak pinturaren eremurantz alde edo ihes egitea bezala interpreta daitekeena— margotzeko ekintzaren bidez babesa eta kontsolamendua bilatzearen ideia laburbiltzen du, eta eguneroko errealitatea nahita uztearena, irudimenaren eta sorkuntza artistikoaren eremuetara iristea helburu. Jungwirthen diskurtsoaren muinean dagoen kontzeptu horrek ohikoa dena gainditzeko eta barneko paisaien eta emozio intimoen esplorazioan murgiltzeko modu bat bezala deskribatzen du pintura. Egileak sortze-prozesuak berezko duen ahalmen emantzipatzailea azpimarratzen du horrela. 1970eko hamarkadako Indesit saila egin zuenetik, bidaiatzea funtsezkoa izan da Jungwirthentzat bere ikerketa artistikoa aurrera eramateko. Areago, ikerketan burubelarri murgiltzeko modu bat da berarentzat —literatura klasikoarekin eta arkitekturaren historiarekin aberasten duena—, eta bidaietan aurkitutako eduki eta ñabardura kulturalak gehitzen dizkio bere ekoizpenari.
Areto honetako margolanek Jungwirthek han-hemen —Mexikon, Grezian, Kanbodian, Balin, Yemenen eta sorterri duen Austrian zehar— egindako bidaiak dituzte inspirazioiturri, eta artistak oroitzapen edo argazki gisa gordetzen dituen inpresioak eta pertzepzioak erakusten dituzte. Hemen bildutako akuarelek, eskuz egindako paperetan margotuak gehienak, agerian uzten dute teknika horrek berezkoak dituen gardentasuna eta argitasuna, argiari pinturan sartzea eta azpiko paperean islatzea ahalbidetzen dion tasuna. Akuarelak jariakorra izatea eta paperean ezin hobeto nahastea ditu bereizgarri, eta kolore-mailaketa sotilak sor ditzake, ur-kolore delikatuetatik tonu kartsuetaraino. Teknika horrek azkar eta asmo jakin batekin lan egitera behartzen du artista, margoa berehala sikatzen baita, eta sakontasuna eta konplexutasuna sortzeko aukera ere ematen dio, geruzak bata bestearen gainean ezarriz. Oso modu diluituan aplikatuta, pigmentuek sentsazio etereoa eta espontaneoa transmititzen dute; atmosfera onirikoa dakarte gogora sarri.