Pop Artworks
Pop Artworks

Urte batzuk lehenago mugimendua Pop art izenaz bataiatu zuen Solomon R. Guggenheim Museum-eko Lawrence Alloway arte-arduradunak lau kategoria ezarri zituen 1962an pop arteko artelanak bereizteko: Ready-Made edo Objektu berreraikiak, Objektuak eta pintura laua, Objektu-pintura eta Ikur-pintura.

Kategoria hauetan bilduta, Ikurrak eta objektuak. Guggenheim Bildumako Pop artea erakusketan sartutako artista sorta bat eta bere obraren inguruko funtsezko ideia batzuk aurkituko dituzu jarraian.

3D OBJEKTUAK

OBJEKTU BERRERAIKIAK

- Claes Oldenburg (1929–2022) Gako-hitzak: DENDA, ESKALA, ESKULTURA BIGUNAK

1961ean, Oldenburgek eskaiolaz eta mâché paperez egindako izozkiak, hanburgesak, arropa eta abar saltzeko denda moduko bat tankeratu zuen. Geroago, etxeko objektuak ere egin zituen eskala erraldoian.

- Lucía Hierro (1987) Gako-hitzak: DENDA, ESKALA, ESKULTURA BIGUNAK

Lucía Hierrok New Yorken “bodega” izenez ezagutzen diren dendetako, hau da, Latinoamerikako produktuak saltzen dituzten dendetako ohiko produktuak irudikatzen ditu eskuz jositako eskultura bigun erraldoietan. Haren piezek Pop artearen, postminimalismoaren eta arte kontzeptualaren zenbait kontzepturi heltzen diete, baina objektuak identitate kultural baten ikur izan daitezkeela ere adierazten dute.

READY-MADE

- Robert Rauschenberg (1925–2008) Gako-hitzak: MATERIAL BERRESKURATUAK

1970eko hamarkadan, Rauschenbergek eskulturak eta ensanblajeak sortu zituen berrerabilitako kartoizko kaxekin. Artegintzan batere ohikoa ez den material hori aukeratu izanak agerian uzten zuen artistaren asmoa: goi-mailako artearen eta behe-mailakotzat hartzen denaren arteko bereizketa ezabatzea.

- Jose Dávila (1974) Gako-hitzak: MATERIAL BERRESKURATUAK

Donald Judden eskultura pilatuak berrinterpretatzen ditu Jose Dávilak bere lanean. Hala ere, ez ditu material industrialak erabiltzen, kartoizko kaxak baizik, eta horrekin erakusten du emaitza berbera lor daitekeela baliabide gutxiagorekin. Bere obrak umorez jorratzen ditu minimalismoaren ideia batzuk, materialekin eta arkitekturarekin zerikusia dutenak, hain zuzen.

OBJEKTUAK ETA PINTURA LAUA

ENSANBLAJEA

- Sigmar Polke (1941–2010) Gako-hitzak: OIHAL ESTANPATUAK, ESKUZ EGINDAKO TANTOAK, KONTSUMO-GAIAK

Sigmar Polke errealismo kapitalista izeneko mugimendu artistikoko kidea izan zen. Mugimendu hori Alemanian sortu zen 1963an, eta Ipar Amerikako Pop artearen estrategia bisualak bereganatu zituen Bigarren Mundu Gerraren ondoren herrialdeak bizi zuen egoera politiko eta sozialari buruzko kritika egiteko.

- Jim Dine (1935) Gako-hitzak: ETXEKO OBJEKTUAK

“AEBko familia zoriontsuaren” paradigma ahultzeko asmoz, Jim Dinek Etxea (The House) sortu zuen 1960an: erakusketa-eremua goitik behera hartzen zuen ingurune artistiko bat, oihal margotuak, kartoi gainean idatzitako leloak eta etxeko objektu nahaspilatuak barne biltzen zituena. Beste pop artista batzuek ez bezala, Dinek ez zuen interesik artea eta bizitza uztartzeko; errealitatea, irudikapena, esanahia eta lengoaia bezalako kontzeptuak ziren haren kezka.

OBJEKTU-PINTURA

HIPERREALISMOA

- James Rosenquist (1933–2017) Gako-hitzak: PUBLIZITATEA, ESKALA

Rosenquistek estilo hiperrealistako publizitate-hesiak margotzen ateratzen zuen bizimodua. Aldizkarietatik eta iragarkietatik hartutako irudi ezagunen zatiak bildu eta bere margolan kolosaletan elkartzen zituen, eskala izugarrian handituta; halako tamainak, jakina, txundidura eragiten zuen publikoarengan.

SERIGRAFIA

- Andy Warhol (1928–1987) Gako-hitzak: KONTSUMO-KULTURA

Kontsumoko jangaiak, izar famatuak eta hondamendiak bezalako gaiak irudikatzen zituzten natura hil modernoen bidez, Andy Warholek AEBko gizartearen Vanitas bat sortzea lortu zuen. Errepikapena baliabide gisa erabilita, zalantzan jarri zuen objektu artistiko bakarraren ideia, eta zenbaitetan kontsumo-gaien ekoizpen masiboa ekartzen zuen gogora. Etengabe irudi bortitzen eraginpean egoteak dakarren sentsibilitate-galera ere utzi zuen agerian behin baino gehiagotan.

IKUR-PINTURA

READY-MADE

- Chryssa (1933–2013) Gako-hitzak: NEOIZKO ARGIAK

Chryssa aitzindaria izan zen neoizko argiak material artistiko gisa erabiltzen: New Yorkeko Times Squareko argi-errotuluen zatiak erabiltzen hasi zen, haien jatorrizko esanahia eta funtzioa eraldatu eta forma abstraktu bihurtzeko.

ARTE GRAFIKOAK

- Roy Lichtenstein (1923–1997) Gako-hitzak: IKURRAK, KOMIKIAK, INPRESIO-BILBEA

Lichtensteinen inspirazio-iturri nagusia komikiak izan ziren. Haien motiboez eta lengoaia grafikoaz baliatu zen bere lanetan pertsonaiak, barrualdeak eta etxeko objektuak irudikatzeko; denak ere puntu eta lerroetara murriztuak, baina eskalan handituak.