POLITIKA ETA  EUROPAKO TESTUINGURUA
POLITIKA ETA EUROPAKO TESTUINGURUA

Didaktika proiektuaren baitan, Museoak hezkuntza-jarduerak eta -eremuak diseinatzen ditu, erakusketen osagarri gisa, eta jarduera eta eremu horiek tresna ugari eskaintzen dituzte, bai erakusketa-aretoetan, bai online, jendeak hobeto uler ditzan artistak eta haien lanak.

1912an, gertaera batek kili-kolo utzi zuen ordu arteko euforia neurrigabea: RMS Titanic transatlantiko “urperaezina”, aurrerabidearen eta garapen teknologikoaren sinbolo, urperatu egin zen Southamptondik New Yorkera egin zuen estreinako bidaian, izozmendi baten kontra jotzean. Titanicek garai horretako desorekak gorpuzten zituen: 2.400 pertsonatik gora ontziratu ziren, hala amerikar ametsaren bila irtendako migranteak nola aisiako bidaian zihoazen familia dirudunak. Hildako 1.500 bidaiarien artean, Peggy Guggenheim mezenas eta arte-bildumagile ospetsuaren aita zegoen.

1914an, Lehen Mundu Gerra pizteak milioika hildako eragin zituen, eta Europa hondamendian geratu zen. Gerra-testuinguru betean, 1917an otsaileko Errusiar Iraultza gertatu zen. 1918ko uztailean Nikolas II.a tsarra eta haren familia osoa fusilatu ondoren, komunismoak aurrera egin zuen Europan, eta langile-klaseek eredu horri heldu ziezaioketen. Benito Mussolinik faxismoa ezartzeko oinarriak jarri zituen Italian, eta Adolf Hitlerrek, Lehen Mundu Gerran kabo izan zen gudari-ohiak, Mein Kampf (“Nire borroka”) argitaratu zuen Alemanian. Nazismoaren goraldia hasi zen.

Bitartean, biztanleriaren zati batek errealitatetik urrunduz bizi nahi zuen, galdutako denbora berreskuratu nahi zuten eta bizitza bere osotasunean bizi, hala Europan nola Ameriketako Estatu Batuetan: 1920ko hamarkadako urte eroak ziren. Aldiz, 1929an, ametsak bertan behera erori ziren. Hondamendi ekonomikoak eta atzeraldiak, Lehen Mundu Gerrako zauriek, komunisten, anarkisten eta faxisten arteko tentsioek eta demokrazien ahuldadeak kinka larrian jarri zuten mundua. Zer besterik gerta zitekeen?

Nola ezagutu aliatuen eta etsaien hegazkinak Lehen Mundu Gerran. Irudia: Le Petit Journal, uztaila, 1918. Argazkia: Leemage. Getty Images.