Ba al zenekien, zentzumenetan, geometrian, klima-aldaketan, jasangarritasunean, argiaren inguruko ikerketan edo ingurumenean oinarritutako obrak ekoizteaz gain, Olafur Elliasonek interes handia duela arkitekturan eta hirigintzan, baita gizarte-esparruan ere, komunitate-sortzaile den aldetik?
2014an, Eliassonek, Sebastian Behmannekin batera, Studio Other Spaces (SOS) sortu zuen; estudioa, aholkularitza-agentzia eta ikerketa-zentroa batera. SOSek artea eta arkitektura lotzen ditu, eta diziplina anitzeko proiektuak eta proiektu esperimentalak gauzatzen eraikinetarako eta esparru publikoetan kokatutako artelanetarako. SOSen bulegoa artistak Berlinen duen estudioan dago.
Gune sortzaile horrek estudioko hainbat langileren eta kanpo-kolaboratzaileen lana biltzen du. SOSen lan-ildo nagusietako batzuk (besteak beste, eremuen soziabilitatea, partaidetza eta diseinuen baterako sorkuntza) haren lanetako batzuetan islatzen dira; adibidez, hauetan: Bilakaera-proiektu estrukturala (The structural evolution project, 2001), Bilakaera-proiektu estruktural kubikoa (The cubic structural evolution project, 2004) eta Kolektibitate-proiektua (The collectivity project, 2005).
Pieza horietan, ikusleek hartu behar dute parte, banaka, familian, lagunekin, taldean… Mahai handi bat, iman koloreaniztun txiki ugari edo Lego-ko pieza zuriak eta imajinazioa besterik ez da behar «norberaren ametsetako hiria» sortzeko.
Horrela, egitura txikiek forma pixkanaka hartzen dute partaideek (txiki zein handi) ezartzen duten erritmoan: batek eraikitzen duena mantendu egin behar da, eta hurrengoak osatu egiten du; horrela, bata bestearen segidan, mahaiaren gainazal osoa estali arte. Eta, orduan, berriro hasiko gara!
Eliassonen obra horiek museo, galeria edo kultura-erakundetan ikusi ohi dira aldizka, nola barruan hala kanpoan; duela gutxi, Bilakaera-proiektu estruktural kubikoa Tate Modern museoko Turbinen Aretoan erakutsi zen, erakusketa hau Londresen izan zenean.