1926ko abenduan, hil arte erabili zuen tailerrean instalatu zen Alberto Giacometti, alokairuan. 23 metro eskas zituen, eta Hippolyte-Maindron kalean zegoen, Montparnassetik hurbil. Haren anaietako bat, Diego, 1929an elkartu zitzaion, eta haren laguntzaile bihurtu zen. Albertok igeltsuzko eskulturak jartzeko erabiltzen zituen idulkiak eta metalezko egiturak eraikitzeaz arduratzen zen Diego, besteak beste, baita brontzezko eskulturei patina aplikatzeaz ere.
Tailerra txiki-txikia, estua eta deserosoa zen, eta gehigarri txiki batzuetan bizi ziren Giacometti anaiak. Bazter guztietan, liburuak, marrazkiak eta igeltsuzko eskulturak zeuden pilatuta, eta hain txikia zen lekua, ezen batzuetan artistak kalera atera behar izaten baitzituen eskulturak, haien eskalari buruz hausnartzeko. Maiz, Giacomettik zuzenean hormetan idazten zituen ideiak, edo zirriborroak egin. Bertan margotu zituen erretratu eta pinturetan, leihoetatik sartzen zen eguneko argi grisaxka ikus daiteke. Haren paletan nagusiki grisak zeuden, eta ukitu gorrixkaren bat zuten okreak. Sortzeko zuen obsesioa asetzeko, artistak behin eta berriro eskatzen zien posatzeko lagunei (adibidez, Simone de Beauvoir, Jean-Paul Sartre eta Isaku Yanaihara intelektualak) eta senideei (esaterako, Diego anaia eta Annette emaztea). 1932an, adibidez, bi marrazki egin zituen Donna Madina Gonzaga-rentzat, lagun egin zuen aristokrata italiar bat. Marrazki haien hondoan, figura nagusiaren atzealdean, artistak garai hartan egin zituen obretako asko ikus daitezke, baita oraindik amaitu ez zituen beste batzuk ere. Haien artean, bi nabarmendu behar dira, gaur egun Guggenheim bildumetan daudenak: Koilara-emakumea (1926–27, 1954an moldekatua) eta Emakumea oinez (1932).
1942an, Bigarren Mundu Gerraren ondorioz, Paris utzi eta Genevara joan zen Giacometti. Diego arduratu zen tailerra artistak utzi zuen bezalaxe mantentzeaz hura 1945ean itzuli zen arte. Ordurako ospea eta erosahalmena izan arren, inoiz ez zuen utzi estudio hura, harentzat berezia zelako. Izan ere, eskultoreak adierazi zuen, estudioa txiki-txikia izan arren, zenbat eta denbora gehiago pasatu bertan, “orduan eta handiagoa bihurtzen zela”.
Giacometti hil zenean, 1966an, leku hura jabearen eskuetara itzuli zen. Annettek, artistaren alargunak, bertako elementu guztiak gorde zituen: margotutako hormak, altzariak, eta leku txiki-txiki hartako bazter guztietan zeuden obrak. 2018ko ekainean, Giacometti Institutua inauguratu zen Parisen. Bertan, tailer hau berregin da, artistaren alargunak gorde zituen elementuei esker.
Alberto Giacometti tailerrean, Projet pour une place laneko elementu bat eskuetan duela, ca. 1932
Argazki anonimoa
Collection Fondation Giacometti, Paris