IN FOCUS
IN FOCUS

LEE KRASNER BAT BAINO GEHIAGO

Lee Krasner. Kolore bizia erakusketarako diseinatutako In Focus proiektua Didaktika atalaren parte da, eta, bertan, artista nekaezin horren ibilbidea jasotzen da. New Yorken 1920ko hamarkadaren amaiera aldera margotzen hasi zenetik, gogor ekin behar izan zuen prestakuntza plastikoa jasotzeko, bere artelanak egiteko eta haren irudia Ipar Amerikako Espresionismo Abstraktuaren sortzaileen lehen belaunaldiaren testuinguruan finkatzeko.

LEE KRASNER BAT BAINO GEHIAGO

Lee Krasner (Lena Krassner) 1908. urtean jaio zen Brooklynen, New Yorken, Odesatik (egungo Ukrainian) gertu zegoen herri txiki bateko familia xumean. Familiak Ameriketako Estatu Batuetara erbesteratu behar izan zuen 1905ean, haren jaioterriak jasan zituen pogromoen indarkeria antisemitaren ondorioz. Krasner handik hiru urtera jaio zen, eta, etxe judu ortodoxo batean hazi zenez, garai hartan emakumeari ematen zitzaion rol tradizionala betetzeko hezia izan zen.

INDEPENDIARANTZ

1920. urtean, AEBko Konstituzioaren 19. Zuzenketak emakumeen boto-eskubidea onartu zuen. Horrela, AEBko gizartean emakumeen askatasunaren alde ematen hasi ziren lehen urrats horiek eragin handia izan zuten Krasnerrengan.

Oso gazte zela, artista izateko erabakia hartu zuen. 14 urterekin, emakumeentzat arte-eskolak eskaintzen zituen New Yorkeko eskola bakarrean sartzeko eskaera egin zuen, Washington Irving High eskolan, eta erlijioarekin hautsi zuela ere jakinarazi zuen etxean; gurasoak ados ez bazeuden ere, erabaki horrek ez zuen familiatik deserrotu.

HELBURU ARGIA

Artista izateko helburuarekin, Krasnerrek hainbat zentrotan hartu zituen arte-eskolak, nahiz eta garai hartan emakumeek ikasketa horiek egitea zailtzen zuten eragozpenei aurre egin behar izan zien. 1926an, Cooper Union unibertsitateko Women’s Art School-ean matrikulatu zen.

National Academy of Design-etik igaro ondoren (tradizionalegia iruditu zitzaion), 1937an Hans Hofmann artistaren eskolan sartu zen, eta hark kubismoari eta kolorearen zein formaren erabilerari buruz zituen teoriek eragin itzela izan zuten Krasnerrengan. Hofmannek berak, Krasnerrek zuen talentuarekin txundituta, haren lanaz ondorengoa berretsi zuen: “Hain ona da, inork ez bailuke esango emakume batek margotua denik”. Iruzkin horrekin goraipatu nahi bazuen ere, ulertzekoa da laudoriotzat hartu ez izana. Bistan da artearen munduaren berezko eragozpenak gainditu behar izateaz gain, Krasnerrek emakumea izatearen zailtasun erantsia zuela.

ZORITXARRA GORABEHERA

1929ko burtsaren porrotak ezegonkortasun ekonomiko handia ekarri zuen, eta AEBak depresio handi batean sartu ziren. Hala ere, Krasnerrek bere pinturarekin jarraitu zuen, baliabide ekonomiko eta material gutxi izan arren. Mota ezberdinetako lanei esker egin ahal izan zuen aurrera; esate baterako, 1934an eta 1941ean Works Project Administration-entzat (WPA) proiektuak landu zituen. Gobernu-agentzia horrek pobrezia eta langabezia orokorraren aurka borrokatzea zuen helburu. WPAk 10.000 bat artista eta artisauri eman zien lana, eskola, ospitale eta bestelako eraikin publikoetarako muralak eta estatuak egiteko eskatuz.

WPAk artisten kaleratze masiboak iragarri zituenean, Krasnerrek hainbat greba eta manifestaziotan parte hartu zuen. Aldarrikapen horietako batean, Lee Krasner Mary Cassat margolari ospetsuaren izenarekin identifikatu zen poliziaren aurrean.

FUNTSEZKOENA PINTURA DA

Berrogeiko hamarkadan, Krasnerrek erronka berri bati egin zion aurre. Jackson Pollock-ekin ezkondu zen —hura ere artista zen, eta izaera aldartetsua zuen—, eta elkarrekin Springs-era joan ziren bizitzera, Long Island-era.

Paradoxikoki, hasieran emakumeek sustatutako erakunde artistiko eta galeria askok erakusketa gutxi eskaintzen zizkioten emakume artistek egindako obrari. Arte galeria batek Krasnerri eskainitako lehen erakusketa 1951. urtean egin zen. Artistak margotzen jarraitu zuen, nahiz eta gabezia eta uneko zailtasun ekonomikoak jasan eta Pollockekin zuen harremana pixkanaka okertzen joan.

ROL BERRIAREN HERENTZIA

Jackson Pollockek zoritxarreko auto-istripua izan zuen, eta behar baino lehen hil zen 1956. urtean. Era horretan, Krasner alargun geratu zen 47 urte zituela, eta artista bezala egiten zuen lana senarraren legatuaren kudeaketarekin uztartu behar izan zuen. Gerora, bere izenarekin lotuko zuen, Pollock-Krasner Foundation deritzonaren bidez.

Dolu-aldiaren ondoren, eta beste behin ere erresilientzia handia erakutsiaz, Krasnerrek berriro ekin zion margotzeari. Modu horretan, 1972an, Women in the Arts kolektibora batu zen, eta Louise Bourgeois edo Chryssa bezalako figura ospetsuekin batera hainbat manifestaziotan parte hartu zuen.

Argazkia:
Lee Krasner in her studio in the barn, Springs, 1962.
Image taken by Hans Namuth. Center for Creative Photography / The University of Arizona, -The Hans Namuth Archive-.