Didaktika proiektuaren baitan, Museoak hezkuntza-jarduerak eta -eremuak diseinatzen ditu, erakusketen osagarri gisa, eta jarduera eta eremu horiek tresna ugari eskaintzen dituzte, bai erakusketa-aretoetan, bai online, jendeak hobeto uler ditzan artistak eta haien lanak.
Ba al zenekien… XX. mendearen hasierako euskal muralismoaren formatu handiko proiektu garrantzitsuenetako bat Madrilen dagoela?
Aurelio Artetak (Bilbo, 1879) sortu zuen, 1923an, Émile Verhaeren idazle belgikarraren Ahalegina (L’effort) poeman oinarrituta. Lanari gorazarre egiteko oda da, eta gai desberdinei buruzko hamabi muralek osatzen dute; haietan, nekazaritzaren, siderurgiaren, meatzaritzaren, arrantzaren, lan intelektualaren, arteen eta beste lan-arlo batzuen alegoriak daude jasota, eta Parisen eta Italian ikasitako freskoaren teknika erabiliz margotu zituen Artetak. Haren lagun Ricardo Bastidak eskatu zion mural multzoa egiteko. Bastida ere bilbotarra zen, arkitektoa, eta garai hartan Banco de Bilbao zenaren Madrilgo egoitza nagusiaren (Alcalá 16) eraikuntza-proiektuaz arduratu zen.
Ahalegina lanak leku pribilegiatua du eraikinaren biribilgunean, beiraz hornitutako kupularen eta itxura klasikoko alabastrozko zutabeen artean. Freskoak 2003an zaharberritu zituzten, eta inpresionismoa gogorarazten duen kolore-paleta leuna darabilte, gris ezberdinekin eta margo bizi eta modernoagoekin batera. Arteta oso harro zegoen proiektuaz, eta gogora ekarri zuen urte batzuk geroago, Mexikon erbesteratuta zegoela. Han hil zen, 1940an.
Bilbo eta pintura erakusketara bazatoz, beste mural bikain bat ikusi ahal izango duzu: Bermeo, José María de Ucelayk (Bermeo, 1903) 1933an bere jaioterriko batzokirako egina. Pedro Ispizua arkitektoak, garaiko arkitekturaren figura garrantzitsua hura ere, diseinatu zuen eraikina, baita Bilboko Areatzako kioskoa (1927) ere. 16 metro inguruko luzera du Ucelayren muralak, eta zur gainean eginda dago, olio-pinturaz. Bermeoko eguneroko bizimoduari omenaldia egiten dio, baita bertako marinelei eta txoko bereizgarrienei ere.
Aurelio Arteta
Las artes (1923)
Detalle de uno de los doce paneles del entonces edificio del Banco de Bilbao en la calle Alcalá de Madrid con pinturas de Aurelio Arteta