1998an, Artearen bidez ikasten lehenengo erakusketa egin genuen. Hezkuntza programa berezi honen balio handiaz konbentzituta, bere azken emaitza Museoan erakutsi nahi izan genuen. Garai hartan beren lanak erakutsi zituzten haur horiek helduak izango dira, eta, agian, batzuek oraindik ere gogoan izango dute programa horretan egon zirela. Ordutik, 3.700 ikaslek eta 34 artistak baino gehiagok hartu dute parte Artearen bidez ikasten programan, 188 proiektu desberdinekin. Orain, 25 urte ospatzen ditugunean, programa honek egin dizkigun ekarpen ugariei buruzko hausnarketa egiten dugu: begirada berriak eta galdera berriak, gure proposamenen aurrean ustekabeko iritziak, prozesuan konfiantza izanez itxaropenik gabe lan egitea, Museoa musikaz eta barrez bete den inaugurazio dibertigarriak. Eta bide berriak aztertzeko abenturari ekin nahi izan zioten irakasle emanak gogoratzen ditugu, gure artistei beren ikasgeletako ateak parez pare irekiz. Artearen bidez ikasten ekimenarekin, Guggenheim Bilbao Museoaren asmoa inspiratzea eta ikuspegi berriak irekitzea da, artearen eta bere balioen bidez, hezkuntza- eta gizarte-konpromisoak betez eta arte- eta hezkuntza-komunitateak hurbilduz. Urtero, ikasleek beren sormen-gaitasunarekin kontaktua hartu ahal izan dute eta artisten eskutik diziplina artistiko berriak deskubritu ahal izan dituzte, objektuak beren kabuz eta material berrietatik abiatuta sortuz.
Gainera, programaren zati gisa, ikasleak beren esperientzia pertsonalari buruz hausnartzera gonbidatzen dira, ikasitako guztiaz eta programak garapen pertsonalerako izan duen garrantziaz jabetzeko une bat hartuz. 25 urte horiei esker, gizartearen bilakaerari lagundu ahal izan diogu: ikastetxeek gai berriak proposatzen zituztela ikustea, hala nola iraunkortasuna, bizikidetza edo emozioak; horrez gain, ikasgeletako azken urteetan gero eta kultura-aniztasun eta ama-hizkuntzen aniztasun handiagoa dago eta aukera bat da artearen bidezko lotura are gehiago balioesteko.