San Telmo Museoa
Donostia, Euskadi
San Telmo museoa, 1902an inauguratua, Euskal Herriko zaharrena dugu. Bost urteko eraberritze eta handitze lanen ondoren, 2011n berriz ireki zuten eta euskal gizartearen interpretazioari eskainitako Euskal Herriko museorik handiena da, historiaurretik hasi eta gaur egunera arte. Eraikin historikoa XVI. mendeko komentu domingotarra da. Halaber, Urgull mendiaren magalean, pabiloi berri bat eraiki dute, besteak beste, aldi baterako erakusketak hartzeko.
Museoak 11.000 metro koadroko ibilbide bat proposatzen du, eta orotara 26.000 pieza baino gehiago biltzen ditu. Horietako batzuk zenbait erakusketa gunetan ditugu ikusgai, hala nola, Arrastoa oroimenean, Modernitatearen esnatzea eta Artearen bilduma historikoa.
Komentutik museora ikus-entzunezkoak, gainera, San Telmoren bilakaera erakutsiko du.
Bestalde, Komentuko dorrean "Gipuzkoako museoen museoa" erakusketa jarri dute, Gipuzkoako Museoen Sarea osatzen duten zentroen inguruko informazioa emateko.