Erfurth Hugo (1874-1948) Portrait de Kandinsky, Dresden, 1933 Photo (C) Centre Pompidou, MNAM-CCI, Dist. RMN-Grand Palais /Guy Carrard
Kandinsky, Vasily
Mosku, 1866 | Neuilly-sur-Seine, Frantzia, 1944
Vasily Kandinsky 1866ko abenduaren 16an jaio zen Moskun. Bertako unibertsitatean, zuzenbide- eta ekonomia-ikasketak egin zituen 1886tik 1892ra, eta, lizentzia eskuratu ondoren, eskolak eman zituen. 1896an, uko egin zion irakasle-postu bati, eta Munichera joan zen, artea ikastera, Anton Azberekin, 1897 eta 1899 artean, Kunstakademie akademian, eta, gero, Franz von Stuckekin, 1900ean. 1901 eta 1903 artean, Kandinskyk Phalanx taldearen arte-eskolan irakatsi zuen. Talde hura berak sortu zuen Munichen, beste batzuekin batera. Bere ikasleetako bat, Gabriele Münter, izan zuen neskalagun 1914ra arte. 1902an, Kandinskyren lehenengo erakusketa egin zen Berliner Secession elkarteak antolatua, eta artistak bere lehenengo xilografiak sortu zituen. 1903an eta 1904an bidaiak egin zituen Italia, Herbehereak eta Afrikako iparraldea ezagutzeko eta Errusiara ere bueltatu zen bisitan. 1904tik aurrera, Parisko Salon d’Automne-n (Udazkeneko erakusketa) egin zituen erakusketak.
1909an, Neue Künstlervereinigung München (NKVM) elkarte sortu berriko presidente aukeratu zuten. Elkartearen lehenengo erakusketa 1909an bertan izan zen, Munichen, Heinrich Thannhauserren Moderne Galerie galerian. 1911n, Kandinsky eta Franz Marc Almanach Der Blaue Reiter (Zaldizko Urdinaren almanaka) argitaratzea pentsatzen hasi ziren; hurrengo urtean kaleratu zen. 1911ko abenduan, Über das Geistige der Kunst (Espirituzkoa artean) argitaratu zuen. Hilabete hartan bertan, Marc eta Kandinsky NKVM elkartetik joan ziren, eta, handik gutxira, Der Blauer Reiter-en lehenengo erakusketa egin zen Moderne Galerie galerian. Gero, 1912an, taldearen bigarren aurkezpena izan zen, Municheko Galerie Hans Goltz galerian. Kandinskyren bakarkako lehenengo erakusketa Berlingo Der Sturm galerian inauguratu zen, 1912an. Hurrengo urtean, haren lanetako bat New Yorkeko Armory Show erakusketan sartu zen, baita aipatu dugun Berlingo galeria berean egin zen Erste deutsche Herbstsalon-n (Udazkeneko erakusketa alemaniarra) ere. 1914 eta 1921 artean, Kandinsky Errusian bizi izan zen, batez ere Moskun, eta Hezkuntzako Herri Komisariotzan aritu zen lanean.
1922an, eskolak ematen hasi zen Weimarreko Bauhaus eskolan. 1923an, haren bakarkako lehenengo erakusketa izan zen New Yorken, Société Anonyme elkarteak antolatuta (aurrerago, elkarteko presidenteorde izan zen). 1924an, Lyonel Feiningerrek, Alexei Jawlenskyk, Kandinskyk eta Paul Kleek bat egin zuten, eta Blaue Vier (Lau urdinak) taldea sortu. 1925ean, Kandinsky Dessauko Bauhaus eskolara joan zen, eta, 1928an, Alemaniako herritartasuna lortu zuen. 1933an, gobernu naziak Bauhaus itxi zuen, eta, hilabete batzuk geroago, urte berean, Kandinsky Neuilly-sur-Seinera joan zen bizitzera, Paristik hurbil. 1939an, Frantziako herritartasuna eman zioten. Naziek berrogeita hamazazpi lan konfiskatu zizkioten 1937an «arte degeneratua» aurkitzeko egin zuten garbiketan. 1944ko abenduaren 13an hil zen Kandinsky, Neuillyn.