Viola, Bill

NUEVA YORK, 1951

bill viola kira perov

Bill Viola New Yorken jaio zen 1951n eta 1973an bukatu zituen ikasketak Sirakusako Unibertsitatean. Bideo-artearen aitzindari izan da Viola, eta instalazioak, bideoak/filmak, soinu-inguruneak, panel lauen gaineko bideo-proiekzioak eta kontzertu, opera eta espazio sakratuetarako obrak sortu ditu berrogei urtetik gorako ibilbidean.

Bere bideo-lanetan, Violak maisutasunez erabiltzen ditu ikus-entzunezko teknologia sofistikatuak, giza esperientziaren baitako espiritualtasuna eta pertzepzioa lantzen dituen artean, eta jaiotza, heriotza edo kontzientziaren esnatzea bezalako gai unibertsalak ardatz dituela. Artista estatubatuarraren iturriak Ekialdeko eta Mendebaldeko artetik, zen budismoaren tradizio espiritualetatik, islamiar sufismotik eta kristau mistizismotik datoz.

Viola AEBen ordezkari izan zen 1995eko Veneziako Biennalean. Beste erakusketa indibidual garrantzitsu batzuen artean, honakoak aipatu behar dira: Bill Viola: A 25-Year Survey, Whitney Museum of American Art museoak antolatua (1997); The Passions, J. Paul Getty Museum-en (2003); Hatsu-Yume (First Dream), Mori Arte Museum-en, Tokion (2006); Bill Viola, visioni interiori, Erromako Palazzo delle Esposizioni jauregian (2008); Bill Viola, Pariseko Grand Palais-en (2014); eta Bill Viola: Electronic Renaissance, Florentziako Palazzo Strozzi jauregian (2017). Londreseko San Paulo katedralerako egindako bi obra iraunkorren artean lehena da Martiriak (Lurra, Airea, Sua, Ura) [Martyrs (Earth, Air, Fire, Water)], eta 2014. urtean inauguratu zen; 2016an etorri zen Maria (Mary). 2004ean lau orduko iraupena zuen bideoa osatu zuen Violak, Peter Sellarsek gauzatu zuen Tristán eta Isolda (Wagner) operaren ekoizpenerako; hainbatetan antzeztu zen hura: AEBn, Kanadan, Europan eta Japonen. Bere ibilbidean zehar, hainbat sari jaso du Violak, besteak beste, MacArthur Fundazioaren “jenio sortzailea” saria (1989), Kataluniako XXI. Nazioarteko Saria (2009) edo Japoniako Arte Elkarteak emandako Praemium Imperiale saria (2011).

Partekatu