DEBEKATUTA NORABIDEA ALDATZEA: 1989

208 ARETOA

1989ko otsailaren hasieran inauguratu zen China/Avant-Garde erakusketa Pekingo Arte Galeria Nazionalean. Erakusketa ikaragarri hark, Txinako arau sozialistak gauzatzen zituen erakunde batean egin zelarik, 1980ko hamarkadan zehar Txina osoan loratu zen obra kontzeptual eta esperimentala kanonizatzeko balio izan zuen. Azalpen errazei erronka egiten zieten obrak aurkeztuz, bazirelarik haien artan performanceak, instalazioak eta tintaz egindako abstrakzioak, artista haiek Txinako arte modernoaren norabide berri bat iragarri zuten. Gu Dexin-ek plastikozko hondakin errez bete zuen pareta bat, gorputz-atal urtuak ziruditen formak bihurtuta; Huang Yong Ping-ek collage eskematiko bat aurkeztu zuen, museoaren eraikina behera botatzeko jarraibideak ematen zituena; eta Xiao Lu-k arma bat erabili zuen bere obraren kontra tiro egiteko; haren ondorioz, kolpetik etorri zen erakustaldiak izan zituen bi klausuretan lehena. Erakusketaren logoa “Debekatuta norabidea aldatzea” trafiko-seinalea zen, eta, irekitasun eta esperimentazioko hamarkada baten ondoren, ez zegoela erreformetan atzera egiterik gogorarazten zuen.

Maiatzean, China/Avant-Garde erakusketarako hautaturiko hiru artista —Huang Yong Ping, Gu Dexin eta Yang Jiechang— Parisera joan ziren beren obra aurkeztera Magiciens de la terre erakusketan, Centre Georges Pompidou-n. “Arte garaikideko lehen mundu-erakusketa” zelarik, mugarria gertatu zen, eta artearen munduko hierarkia eurozentrikoak berraztertu nahi izan zituen, Mendebaldeko artista ospetsuak Europako Ekialdeko, Asiako, Afrikako eta Latinoamerikako beste artisten parean ipiniz. Erakusketa hura kritikatu bazuten ere eskulangileen eta artista indigenen ikuspegi exotikoa eskaintzen zuelako, sortzaile txinatarren sorta egoki hautatuak arte garaikide globalaren etorkizuneko oparoaldia iragartzen zuen, Mendebaldekoak ez bezalakoak ziren ikuspegiak eskaintzen zituzten eta ñabardurez beteak zeuden obren bitartez.

Pekinen, ordea, ekainaren 4aren goizean, armadak Tiananmengo plazako manifestariei eraso egin eta sakabanatu egin zituen, milaka hildako eraginez, eta hark arte berriarekin lotura estuak zituen mugimendu demokratikoaren amaiera seinalatu zuen. Hurrengo hilabeteetan, agintari txinitarrek kontrolpean ipini zituzten edo itxi egin zituzten laurogeiko hamarkadan debate artistikoa bultzatu zuten argitalpenak eta erakundeak. Lehen hausnakerta-aldi baten ondoren, zinismo--aldi bat etorri zen, artisten eta intelektualen artean zabaldu zena, erabat galdu baitzuten alderdi-Estatuaren ideologia erreformistan zuten fedea. Artista askok Txinatik alde egin zuten.